XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udabarria zan.

Eguraldiz gehienbat, ederra.

Tokiko gizadiarentzat, ostera, iluna, oinazez eta preminaz betea, 1937 garren urtekoa.

Uritik kilometro batzuetara egoan gudu-lerroa.

Gogoaren kontra baina aurkakoen gudasailak bultz-eraginda, eta batez be, gudoin-osteko egoerea larritu eta hondatu zalako, gudari-aldrak atzerantz egin ebenean, lubanen antzera uria be bertan behera laga behar izan eben agintariek eta alde egin.

Inguru osoa itxuraz, ezetariko agintari barik geratu zan.

Egia da uritik bertatik be, lagun askok eta askok ihes egin ebena, ondasunak eta uria eta behar bada seniderik hurkoenak eta maiteenak utzi beharrak emoten eutsen mingostasunez.

Baina, ezbaia nagusi zan; arduratsu ebiltzan asko, egonezinez.

Eta halan, Txaparraga aldapan gora beribilak eta beribilak joan ziran gau osoan, bezpera arratsaldean baino askotaz gehiago, egun sentiak ekarri legikioen kaltearen bildurrez.

Eguna heldu baino lehen, azkenengo milizianoen ostean, gudari-aldra batzuk, bazterralde haretako nagusi militarrak eta uriko ordena-jagolak aldeginak ziran.

Zerualde ilunean goizaldean argiune handia egoan, su-aldi gorria.